Orriko edukiaren hasierara salto egin.

Arrakasta izan dutenen istorioak

Ikasteko ezinezkoa zena posible bihurtu zen : Txinera ikasten

Txinera ikastea nire ametsa izan da beti, eta beraz, denda batera joan nintzen bibliografia pixka bat begiratzera. Betidanik lliluratu izan nauen txinerazko kaligrafia ikusi nuen. Karaktere eder haiekin betetako orrialdeak eta orrialdeak zeuden, bakoitza aurrekoa baino konplexuagoa; lerroak eta puntuak, kakoak eta kurbak. Liburuan aurrera joan ahala, gero eta zailagoak zirela zirudien. Erabat ezinezkoa ematen zuen hura ikastea; burua biraka hasi zitzaidan eta neure buruari esan nion ez nuela SEKULA hura ikasterik izango. Kolpetik liburua itxi, bere apalera itzuli eta dendatik atera nintzen.

Hala ere, itxaropena ez da erraz galtzen. Urtebete geroago Txinera ikasten nengoen (ondoez haren ondoren neure onera etorrita) Helduen Hezkuntzarako Eskolan. Espero nuen bezalaxe zaila zen, zeharo konplexua eta oso nahasgarria. Baina txineraz esaldi bakar bat esateko gai izango nintzela imaginatze hutsaz zoratu egiten nintzen! Seihileko bat aurrerago hantxe jarraitzen nuen unibertsitateko ikaskeketekin.

Orain ikasketak maniaren pare dira niretzat. Entzuna nuen zerbait ikasteko txarteltxoei buruz. Txartel txiki eta laukiak dira; aurrealdean txinerazko karakterea dute, eta atzealdean, berriz, haren ahoskera eta esanahia. Oso, oso onak dira karaktereak buruz ikasteko. Txinerazko hitz gehienek bi karaktere dituzte, batzuetan gehiago ere bai. Beraz, neuk eginiko txarteltxoek ez zidaten hiztegia ikasteko aukerarik ematen. Hizkuntzaren blokeak eraikitzeko baino ez dute balio. Baina blokeak eraikitzen baldin badakizu, hitzak eraikitzen ikas dezakezu

Leku guzti-guztietara aldean eraman ohi nituen txarteltxoak. Beti eramaten nuen txartel eskukadatxo bat poltsikoan, eta tartetxo bat eduki bezain pronto atera eta lantzen nituen; kalean bakarrik nengoenean, autobusa itxoitean, metroan, baita eski-pistetako erremonteetan ere!

Stockholmeko unibertsitatean seihileko bat egin ondoren, Pekinen aurkitu nuen neure burua bat-batean. Han are gogorrago lan egiteko aukera nuen. Han egotea zoragarria zen, Erdiko Erreinuan, eta txinatarrekin hitz egiteko aukera nuen gainera!

Beno, egia esan behar bada, “hitz egiten” nuela esatea gehiegitxo dela aitortu behar dut. Behar-beharrezko nuena ozta-ozta lortu baino ez nuen egiten. Esaldi oso bat ulertzea ospatzeko modukoa zen niretzat! Txinera ikastea posible dela ohartu nintzen; baina denbora, energia, pazientzia eta benetako interesa eduki behar dira.

Garai hartan ez nuen ikasi beste ezer egin. Eskoletara joan, etxeko-lanak egin eta arratsaldero bakarkako irakaslearekin jarraitzen nuen lanean. Guztira egunean 11 ordu ematen nituen, goizeko 6:30etatik arratsaldeko 7ak arte (bazkaltzeko ordubete inguru hartzen nuen). Gero Txinako telebista ikusten nuen arratsaldero, bi orduz. Horrela amaitzen zen eguna; baita nire indarrak ere!

Txinera ikastea lan luzea eta zaila izan da, baina baita dibertigarria eta zirraragarria ere. BI urtez ikasita, txinerazko oinarri ona har daiteke; askoz ere denbora gehiago behar da maila ona hartzeko. Ez daukat zalantzarik; odola, izerdia eta malkoak eman ditut, baina merezi izan du horretan eman dudan segundu bakoitzak.

Catarina Lilliehöök

Lan gogor egiteak emaitza onak eman zizkion. Klikatu gomendio gehiago zeure burua motibatzeko!

Ikasle hori asko erakartzen zuen xede hizkuntzak, txinerazko kaligrafia asko gustatzen zitzaiolako. Beraz, ikusiz ikasten dutenetakoa dela pentsa liteke. Nahi al duzu zure ikasteko estiloa aztertzea?

Testu hau Lingu@net Europarentzat idatzi dute bereziki, eta Catarina Lilliehöök bere autorearen baimenez argitaratu dugu. Kultur ezberdinatasunei eta gatazkei buruzko beste liburu bat idatzi du txineraz, baita Txinari buruzko beste bat ere, suedieraz.

[ gora ]