Orriko edukiaren hasierara salto egin.
-n zaude

Arrakasta izan dutenen istorioak

Suedierako ikasle batek bere istorioa kontatu digu

Txiki-txikitatik izan dut atzerriko hizkuntzan ikasteko gogoa. Haurra nintzenean Suediako haurrentzako saioak ikusten nituen telebistan, eta suezieraren ahoskerak liluratuta uzten ninduen. Suedierak beti izan du txoko berezi bat nire bihotzean. Motibazioa are gehiago handitu zen irakasleek hizkuntzak ikasteko gaitasun ezin hobeak nituela esan zidatenean. 7. mailan nengoela, helburu bat jarri nuen: 9. mailaren amaieran suediera ikasteko ematen zuten diru-laguntza neuk jaso nahi nuen. Izugarri poztu nintzen ikasturte amaierako festan nire izena entzun nuenean!

Hizkuntzak ikasteko erabiltzen dudan estrategia oso sinplea da: hizkuntza ahal bezain guztietan entzuten saiatzen naiz. Ez dakit zergatik den horren garrantzitsua niretzat, baina hizkuntza bat ikastea zaila egiten zait entzuteko kasete bat ez baldin badaukat. Testu bat behin eta berriz entzuten badut, ahoskeraren ezaugarriez ohartzen hasten naiz. Beharbada hizkuntzako osagarriak ahoskera sistemaren laguntzarekin bereizten ditudalako izango da. Oso zaila egingo litzaidake hitz egiten ez den hizkuntza bat ikastea, esate baterako, latina.

Nire ikasketa-prozesua errazteko moduak bilatzea atsegin dut. Ez dut ia inoiz eskolako liburuetan agertzen den hiztegia ikasi. Horren ordez, nahiago dut atzerriko aldizkariak edo eleberriak irakurtzea. Garrantzitsua da testuak norberak aukeratzea: edukia interesagarria iruditzen bazaizu, errazagoa egingo zaizu hizkuntza gogoan izatea. Institutuan nengoenean, egunerokoa idatzi nuen ingelesez. Nire ama eta bere familiakoak gogo gehiegi dute besteen kontuak jakiteko, baina, eskerrak, ez dute ingelesik ulertzen! Hainbat gairen inguruan idazten ikasi nuen, lehenago baino askatasun handiagoz gainera.

Une honetan unibertsitatean ari naiz ikasten; frantsesa eta Frantziako kultura ikasten dut nagusiki. Egunen batean lanerako ongi etor daitekeelako aukeratu nuen frantsesa. Gero eta gehiago ikasi, orduan eta gehiago gustatzen zait hizkuntza! Hizkuntza eta kultura guztiek dauzkate euren alde onak eta txarrak eta ezaugarri bereziak. Badira beste hizkuntza batzuetara itzuli ezin diren esapideak ere – ongi itzuli ez behintzat -; zoragarria da.

Kasu horretan, ikaslea oso ongi jabetzen da erabiltzen dituen estrategiez, eta bere helburuez. Hasieran oso garrantzitsua da hizkuntza ezezaguna ahal bezain beste entzutea. Egin klik hemen ikasteko estiloei buruz irakurri nahi baduzu.

[ gora ]